KORRIKA 22 – Lauroko Kilometroa, Bilbon: 1.630
Pandemiak nahi izan du 22. KORRIKA 2022. urtean gertatzea. Nork esango zuen zoro batzuen ideia 42 urte beranduago euskaldun guztion ondare kulturala bihurtuko zena? dagoeneko KORRIKA euskararen aldeko lasterketa baino gehiago delako; KORRIKAK bi urterik behin geratzeko eta hausnartzeko ere balio duelako. Zein da euskaltasunaren norabidea? Nola gaude? Zer da euskaldun izatea gaur egun? Nola lagundu dezake ikastolak? Aurtengo KORRIKA leloak, Sentitu-pentsatu-hitzekin, hausnarketa egitera eramaten gaitu.
Gure herriko bitasuna (hirukotasuna) halabeharrez kudeatu behar dugu. Euskara-gaztelania kultura eta munduen ikuspegia bateratzen ikasi behar dugu (Ikastolan dauden familien %44 bikote mistoak dira, ikastolan euskaraz, kalean gaztelaniaz arau soziala, gune hegemoniko batzuen kudeaketa,…). Aurrean ditugun desafio potoloen kontzientzia hartu behar dugu. Eta egia esan, kezkatzeko motiboak baditugu: euskararen presentzia pantailetan anekdotikoa da, Eskola-kirolean eta eremu ez-formalean euskararen presentzia handitzea beharrezkoa da, etxeko esparruan euskal kulturaren kontsumoa bultzatzea ere badagokigu… Badugu zer jorratu eta badugu iparra hartuta ere bai.
Bestetik, hala ere, badagokigu egin denaz ohartzea, euskararen historia modernoan, azken 60 urtetan lortu denaren handiaz konturatzea. Bete dena asko dela aitortuz. Euskararen botila sorginduan asko bete dela. Eta hemen bagaude, iraganeko sustrai horiei esker dela; hemen bagaude, iraganeko entusiasta horiei esker dela. Lehenengo belaunaldi batek ikastola sortu zuen eta beste belaunaldi batek lekukoa hartu zuen. Horregatik, 22. KORRIKA Lauro Ikastolan baliatu nahi dugu bigarren Belaunaldi horri omenaldia egiteko. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots bezala, umeen lurraldean hazia erein zuten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako maisu-andereñoei eta ez-dozenteei: material berria sortuz, bide berriak eraikiz, metodologia berriak aztertu eta aplikatuz, euskal kultura bultzatuz, euskararekiko maitasuna transmitituz…
Dagoeneko horietako asko jubilatu, jubilatzear daude, baina ezin dugu KORRIKAk ematen digun aukera alferrean galdu. Bigarren belaunaldiko ikastolako partaide horiei guztiei omenaldia egin nahi diegu, Lauroko Bilboko kilometroan lekukoa eraman dezaten, euren lana euskararen ametsaren bidaian ze garrantzitsua izan den jakin dezaten.
Abangoardian gauden hirugarren eta laugarren belaunaldiko euskaltzaleok horiengandik edan dugu eta hauspoa eman digute. Ametsei uko egitea debekatuta dagoela irakatsi digutelako, ikastola euskara sortu eta birsortuko duen lurraldea dela kontatu digutelako. Eskerrik asko euskararen ametsaren lekukoa pasatzeagatik!
Usue Alonso; Sorkunde Aretxabaleta; Miren Bego Arginzoniz; Marta Arranz; Irene Arrizabalaga; Maria Isabel Basabe; Marije Basabe; Kepa Bilbao; Marisa Candás; Edurne Diez de Ulzurrun; Rosa Elordui; Marian Garagaltza; Maite Gomez; Gotzone Ibarzabal; Garbiñe Intxaurraga; Mari Tere Iraurgi; Idoia Mendiguren; Nati Onaindia; Iñaki Portilla; Begoña Rementeria; María José Solas; Begoña Madariaga; Elizondo Irene; Mertxe Aiarzaguena; Txaro Arriaga; Maje Zubizarreta; Ikerne Asla; Jose Ignacio Elias; Iñaki Manzarbeitia; Pili Alberdi; Nati Santiago; Karmele Artetxe; Juanita Odiaga; Itziar Otaola; Karmele Agirresarobe; Maria Jesus Aurrekoetxea; Mari Jose Ibarretxe; Beatriz Bengoetxea; Mercedes Barainka; Martin Elorduy; Karmele Goikoetxea; Mari Tere Campo; Aitor Uribarri; Mari Jose Abarrategi.
Lauroko Km. Bilbon: 1.630.
Eguna: apirilak 6, asteazkena.
Lekukoa hartzeko tokia: Hurtado de Amezaga kalea (Juntas Generales de Bizkaia egoitzaren parean).
Lekukoa hartzeko ordua: 22:49 (komeni da 15-20 minutu lehenago bertaratzea).