23. KORRIKA – Lauroko Kilometroa, Bilbon: 1.878 km.

HARRO, HERRI, KORRIKA.

Lortutakoaz harro gaude. Azken 60 urteetako bideari begiratu behar diogu eta horrek bultzatu behar gaitu aurrera egitera. Harro gaude, baina ez gaude konforme; ez garelako heldu desiratzen dugun horretara. Oraindik ere bide luzea dugulako aurretik. Gaur hasiko den Korrikak 2.700 kilometro egingo ditu Euskal Herritik, gora eta behera, euri zein eguzkipean. Baina etengabe aurrera. Eta ondoan jarraitu behar dugu guk. Herria egiten, herritik, harro. Harro iragani esker ere, euskara bazterretik erdigunera ekartzen saiatu ziren zoro horiei esker gaudelako hemen gaur. Tartean, orain 50 urte Bilbotik txoko honetara ikastola ekarri zuten horiei esker ere. Eta egin ditugu dagoeneko hainbeste kilometro, mugak zeharkatuz, mugak lausotuz, hainbeste muga, hainbeste harresi eraikitzen dabilen mundu honetan.

Garen herria izan nahi dugu.

Euskaraz dabilen herria. Harro dabilen herria. Euskaraz hitz egitean harro dagoena. Bilbon, Getxon, Leioan,Txorierrin, Mungialdean,… gure etxeetan, euskaraz bizitzea posible dela erakutsi. Euskal Herria egin. Herriak egiten duelako hizkuntza, hizkuntzak herria egiten duen modu berean. Ahoa eman hizkuntzari, guk gorpuzten dugulako euskara, guk ematen diogulako faltan duen gorputza, espazioa,… toki bat munduan.

Munduan mundu bat.

Eta hamaika mundu dauden moduan, Korrika bi daude. Ikusten den korrika eta ikusten ez dena. Lekukoa eskuz esku, kilometroz kilometro aurrera eramatea ahalbidetzen duen langileena. Auzolan erraldoia dago horren atzean, jende askoren artean egiten dena. Eta gurean ere, Ikastolan, badaude ikusten ez diren gauza asko, gure lana, gure egunerokoa aurrera ateratzeko ezinbestekoak direnak. Eta 23. Korrika baliatu nahi dugu horiexei omenaldia egiteko, etengabeko lanean ari direnei, fokotik kanpo geratzen diren lanei. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu gurean ezinbestekoak diren langileei: jantokikoei, garbiketakoei, mantenukoei, administrazio-idazkaritzakoei, erizainei, txoferrei… Gaur lanean ari direnei eta lanean jarraitzen ez dutenei: Jon, Eva, Manu, Amaia, Rober, Ana, Karmele, Leire, Lorena, Arantza, Unai, Mikel, Zuriñe, Aize, Izaskun, Ruth, Marisa, Mercedes, Iñaki, Elias, Maria Jesus, Martin, Rosa, Txaro, Guti, Pili, Aitor, Lourdes, Asier, Ander, Beatriz, Isabel…

Posible egiten dute besteok egiten duguna.

Harro, herri, korrika.
Harro, herri, korrika.
Harro, herri, korrika
BAGARA! PLAZARA!

Bitartean, jarrai dezagun ahalegina egiten, metro batzuk kilometro bihurtzen, txalo egiten eta emozionatzen!

Lauroko Km. Bilbon: 1878.
Lekukoa hartzeko eguna: martxoak 21.
Lekukoa hartzeko tokia: Agirre Lehendakariaren kalea (Done Petri plazan).
Lekukoa hartzeko ordua: 19:10 (komeni da 15-20 minutu lehenago bertaratzea).


www.lauroikastola.eus webguneak cookiak erabiltzen ditu Erabiltzailea Atariko web gune eta orrietan dabilenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu DBLO atala.