Lauro Ikastolaren 50. Urteurrenaren inguruko jarduerak: Euskal Herrian, euskaraz irakasteko baimen lortu zuen lehen Ikastola
Lauro Ikastolaren 50. Urteurrena 2016 urte osoan zehar ospatu genuen, Lauroren aurrekaria izan zen Resurrencción Mª de Azkue Ikastola Elkano kalean kokatu eta legalizaziorako bidea hasi baitzuen 1966. urtean.
Bizkaiko ikastolen mugimendua Bilbon hasi zen 1957. urtean, San Nikolas elizako ikasgela batzuetan Xabier Peña eta Julita Berrojalbizen bultzadaz, hamalau ikaslerekin eta Mª Angeles Garai andereñoarekin. Horixe izan zen baita ere gero Lauro Ikastola izango zenaren lehen hazia.
Hezkuntza Ikuskaritzak Ikastola hau itxi eta Iralabarriko frantziskotarren egoitzara igaro ziren, eta hau ere itxi arazo zuten 1059ko azaroan. Baina familiek ez zuten etsi, eta Julita Berrojalbiz buru zutelarik, 1960.ean etxez-etxeko epea hasi zen, eskolak familia kementsu batzuen etxeetan ematen zirelarik.
Etxerik-etxeko epearen amaiera, legeak halabeharrez ekarri zuen: 1965.ean Hezkuntza Legea aldatu zen eta ikasleek Eskolaritate Kartila behar zuten Batxilergora igaro ahal izateko. Orduan erabaki zuten Julita Berrojalbizek eta bere taldeak ofizialtasunerantz jo behar zutela.
Tere Rotaetxek, mugimendu honen beste zutoinak, bere Elkano 6 kaleko etxe bat alokatu zien eta bertan kokatu zen Resurrección Mª de Azkue Ikastola 1966. urtean. Hurrengo pausoa, instituzioen babesa lortzea zen eskola legeztatzeko. Julitak, Alfonso Irigoienen bitartez, Euskaltzaindiarengana jo zuen babes bila eta euskaltzainek, euren 1966ko urtarrileko batzarrean erabaki zuten Ikastolaren ibilbidea hurbiletik jarraitzea. Babes honi eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako aldeko idatzi bati esker, Madrileko Ministerioari bideratu zitzaion legezko eskabidea. 1966ko ekainean inauguratu zen Azkue Ikastola eta behin-betiko legeztapena 1968an heldu zen: euskaraz eta gazteleraz irakasteko legeztatutako lehen ikastola izan zen Euskal Herri osoan.
Ospakizunak: mota guztietako jarduerak 2016 urtean
Lauro Ikastolako Kontseilu Errektoreak, Batzorde berezi baten bidez, eta Zuzendaritzak, efemeride hau ospatzeko jarduera ezberdinez osotutako programa definitu zuten, 2016 urtean burutuko zirenak, hain zuzen.
-
- Otsaila: Euskaltzaindiaren Osoko Bilkura Lauron ospatu.
- Martxoa: Aste Santuan, kirol txapelketak Lauron, kanpoko kirol-taldeak gonbidatuz.
- Apirila: ibilbideari buruzko erakusketa inauguratu Lauron.
- Apirila: ikasle-ohien bazkaria Ikastolako jantoki nagusian.
- Apirila: ikasle guztiekin Ikastolaren historia lantzeko egun bereziak.
- Maiatza: Pagasarrira igoera.
- Maiatza: andre sortzaile eta ekintzaileen bisitaldia Ikastolara.
- Ekaina: Iñigo Urkullu Lehendakariaren bisitaldia ikastolara.
- Abenduaren 3a, Euskararen eguna: azken ekitaldi nagusia, Euskalduna Jauregian.