Udaletxe bateko antolaketa eta funtzionamendua mintzagai DBH 3ko Gizarte eskoletan

Azaroan, eta DBHko Gizarte Zientzien Mintegiak luzatutako gonbidapenari erantzunez, Bilboko eta Txorierriko udaletxe desberdinetako karguak izan ditugu DBH3ko taldeekin solasean.

Bisita hau, Geografia arloan eta ikasleek burutu beharreko “Nor da nor” proiektu barruan kokatzen da. Lehenengo ebaluazioan jorratutako politika arloko heziketa oinarrizkoa jaso, erakunde nagusiak aztertu eta udal politikagintza gertuagotik ezagutzea izan dira lanaren helburu nagusiak.

Horretarako, Zamudioko alkatea eta zinegotzi bat (Igotz López ikasle ohia eta Itziar Landeta), Larrabetzuko alkate eta zinegotzi bat (Iñigo Gaztelu eta Arantza Itziar), Lezamako alkatea eta zinegotzi bat (Jon Ander Aurrekoetxea eta Josu Cámara) eta Bilboko Udaletxetik Amaia Arenal zinegotzi eta ikasle ohia gerturatu dira. 

Ordubeteko hitzaldietan, udaletxe baten antolaketa eta funtzionamendua sakonki jorratu dute ikasleek eta kargu desberdinen egunerokotasuna eta ardurak aztertu dituzte. Saioen bukaeran, hizlariei galdera mamitsuak zuzendu dizkiete. Ororen gainetik, udal politikaren gazi-gozoak eta nerabeek etorkizun hurbil batean edukiko duten eskubide/ardura eta parte-hartzearen garrantziaz mintzatu dira, eta Txorierri eskualdeko herriak hobeto ezagutzeko parada izan dute DBH3ko ikasleek.

Mila esker hizlariei, irakasle fin eta eskuzabal izan dira eta.


www.lauroikastola.eus webguneak cookiak erabiltzen ditu Erabiltzailea Atariko web gune eta orrietan dabilenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu DBLO atala.