Hamabi Futbol Klub – Lauro Ikastola: euskararekin konprometituta, kirola medio
Ekainean iragarri genizuenez, euskalzale talde batek Hamabi Futbol Kluba sortu berri du, klub honen berezitasuna bere helburua izanik: “Futbolaren bidez euskara mundura eta mundua euskarara zabaltzea“. Talde honek mundu akademikotik harago euskaraz jarduteko beste espazio eta aukerak eskaini nahi ditu, futbolean erreferentzia eta eredu bilakatu, Bilbo eta Bizkaian euskarazko kirol-espazio bat sortuz.
Klubaren ateak irekita daude euskaraz komunikatzeko konpromezua azaltzen duen jokalari ororentzat. Baita ere, euskaraz adierazteko gaitasunik izan ez arren, konpromezu hura azaltzen duten jokalarientzat.
Sortze prozesuan, erakundeen laguntza eskatu zuten instalazioei dagokienez, eta Lauro Ikastolak, Eskola Kirolean euskara bultzatzeko egiten ari den Planarekin bat eginez, futbol zelaia eskaini zien kolaborazio bat hitzartuz.
Bi talde senior sortu dituzte, emakumezkoena eta mutilena, eta Ikastolako instalazioetan entrenatzen ari dira abuztutik. Senior talde hauek gure jokalarientzat etorkizunerako aukera izango dira, futbolean jarraitu ahal izateko. Hau guztia azaltzeko, irailaren 17an, Hamabi Futbol Klubeko bi arduradun ikastolan izan dira Batxilerreko ikasleekin, bereziki emakumezkoen talderako aukerak eskainiz.
Futbola eta euskara uztartzen dituen proiektuaren bideragarritasun eta biziraupenerako babesa ezinbestekoa da eta horregatik bazkideak egiteko kanpainia hasi dute: urtean soilik 20 euro ordainduta, gizon zein emakumeen taldeak lehiatzen ikusteaz aparte, babesa emango diozue euskararen komunitatearena den proiektu honi. Informazio gehiago nahi izanez gero edo bazkide egin: KLIKATU HEMEN