Hasi dira aurrez aurreko eskolak eta ikasleek bikain bete dituzte ezarritako segurtasun neurriak

Ekainaren 1etik aurrera, gure egutegi eta ebaluazioekin bat eginez, DBH 4, Batxiler 1 eta Batxiler 2ko ikasleek aukera dute aurrez aurreko eskoletara etortzeko, ez datozenentzat on-line jarduerak mantenduko badira ere. Klase presentzialak, errepaso, froga gehigarriak edota ez-ohiko azterketak egiteko izango dira, bereziki, ikasleen beharrizanei hoberen erantzuteko.

Bete beharreko segurtasun neurriak prestatu ditugu, COVID-19a ekiditeko “Kontingentzia Plana” definitu baitugu eta eskola-komunitateari helarazi diogu. Hezkuntza Sailak bidalitako jarraibideei eta Segurtasun eta Higieneko aholkulariek prestatutako planei jarraituz, hartutako neurri nagusienak izan dira:

  1. Tenperatura hartzeko gailu termografikoak, bai busean (eskukoak) zein eraikinen sarreran (kamarak).
  2. Desinfekzio eta garbiketa berezia erabiliko diren eraikinetan, eta aireztatzeko jarraibideak erabiltzaileentzat.
  3. Segurtasun eta higiene neurriak jakinarazteko kartelak jarri, bai Eusko Jaurlaritzak helarazi dizkigunak zein Prebentzio Aholkulariek.
  4. Eraikinetara sarrera-irteerak eta pertsonen joan-etorriak, murriztu, banatu eta seinalizazio bidez bideratu dira; eta ikasleen gela-aldaketak ekidin, ahal den neurrian.
  5. Eraikin sarrera eta geletan, gel hidroalkoholikoak eta estalkia duten zakarrontziak; eta geletan papera eta desinfekziorako produktuak.
  6. Espazioen egokiketak:
  • Geletako ikasle-kopuruak egokitu/gutxitu.
  • Gelak handitu, posible izan den kasuetan.
  • Laborategiak lekuz aldatu, espazio hauek gelak bihurtuz.
  • Ezinbestekoak ez diren espazioak itxi.
  • Takilak ez erabiltzeko, ikas-mahaietan kaxoiak jarri dira.
  • Busetan, ikasle bakoitzak bi jesarleku izango ditu.

Kontuan izan behar da baita ere, Ikastola espazio guztiz zabal batean dagoela, eta pertsonen arteko distantziak mantentzea errazagoa izango zaigula.

Neurri hauek jakinarazteaz gain, ondoko oinarrizko eta bete beharreko jarraibide eta gomendioak bidali dizkiegu familia eta ikasleei:

  • Edozein sintoma edo zalantza izanez gero, hartu tenperatura Ikastolara etorri baino lehen. Eta 37ºtik gorakoa bada, ez etorri, mesedez.
  • Sintoma argiak izanez gero, ez etorri Ikastolara. Isolatu eta jarri kontaktuan zure osasun zentroarekin.
  • Maskarak erabiltzea: bakoitzak berea ekarri behar du etxetik, autobusean sartzeko ezinbestekoa da, baita Ikastolan egoteko ere. Ikastolak babes pantaila batekin osatuko du ikasle bakoitzaren segurtasuna.
  • Areagotu garbiketa eta desinfekzio neurriak, bereziki esku-garbiketa.
  • Errespetatu segurtasun distantziak.

Ikasleek bikain bete dituzte jarraibide guztiak eta eskola eta azterketak normaltasunez hasi dira.


www.lauroikastola.eus webguneak cookiak erabiltzen ditu Erabiltzailea Atariko web gune eta orrietan dabilenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu DBLO atala.