Disney eta Netflix, euskaraz!
Ikastolak asko eragiten du gure ikasleen euskaran. Hala ere, ez da erabateko hiztunak sortzeko edabe magikoa, norberaren testuingurua kontuan hartu behar baita. Testuinguru horren barnean kultur kontsumoak asko eragiten du. Kultur kontsumoaren esparruan ikus-entzunezkoek erabateko garrantzia hartzen dute. Hau horrela, streaming plataformek azken urteetan gugan aisialdiaren kontzeptuaren aldaketa ekarri dute. Pantailaz blai bizi gara.
Islandiako hezkuntza ministroaren esanetan, nola eutsiko diozu hizkuntzari, haurrek txikitatik marrazki bizidunak beste hizkuntza batean ikusten badituzte? Zein harreman izango dute ume horiek, gozagarri zaiena euren hizkuntzan ez badago? Zoritxarrez, gure etxeko pantailetan ez da nahi beste euskara agertzen.
Kataluniako esperientziak Disneyrekin, zeinak katalanezko bertsioa duten filmak hizkuntza honetan eskainiko dituen, erakutsi digu, bide erraza ez bada ere, aurrera egin daitekeela, kontsumitzaile bezala edukiak euskaraz eskatzen baditugu, kontuan hartuko gaituztela. Islandia ere lortze bidean ari da.
Gurean lehenengo urratsak ematen ari gara, baina eskaerek indarra izateko, ikastolatik, une honetan martxan dauden ekimenetan sinatzeko eta babesteko eskatu nahi dizuegu. Gure seme-alabentzat pantailak ere euskaraz nahi ditugulako. Eskerrik asko!
Ikusentzunezkoak euskaraz kontsumitzeko proposamena: ETXEAN GERATUKO NAIZ WEBGUNEA