Helburuak
Lan pertsonalerako eta ikasketa tekniketarako ohiturak hartu.
Lehen Hezkuntzan, etxerako lanek zeregin garrantzitsua dute ikasleen ikaskuntza-prozesuan. Eguneroko eskolako jarduerak osatzeko eta finkatzeko tresna baliotsua dira, eta ikasleen autonomia eta ardurazko jarrera garatzen laguntzen dute.
Etxerako lanek ikasleei ikasgelan landutako edukietan sakontzeko aukera ematen diete. Etxean berriro lantzean, ikasitakoa barneratzen dute eta zalantzak argitzen laguntzen du. Halaber, ohitura akademiko onak finkatzen dituzte, hala nola lanerako denbora antolatzea, kontzentrazioa mantentzea eta helburu txikiak lortzeko gaitasuna garatzea.
Bestalde, etxerako lanek aukera ematen diete gurasoei seme-alaben ikaskuntza prozesuan parte hartzeko. Modu honetan, familiaren eta eskolaren arteko harremana estutzen da, eta ikaslearentzat ingurune laguntzaile eta koherente bat sortzen da.
Etxerako lanen iraupena ere neurrikoa izan behar da. Orientazio modura hurrendo estimazioa dugu:
- maila: 10 minutu.
- maila: 20 minutu.
- maila: 30 minutu.
- maila: 40 minutu.
- maila: 50 minutu.
- maila: 60 minutu.
Irakurketa, etxerako lanen funtsezko atala
Etxerako lanen artean, irakurketa da jarduera garrantzitsuenetako bat. Irakurtzea ez da soilik testu bat ulertzea; pentsamendua garatzeko, hizkuntza aberasteko eta irudimena pizteko tresna indartsua da.
Lehen Hezkuntzan, irakurketa ohitura bat bihurtzea funtsezkoa da. Egunero denbora bat eskaintzeak irakurmena hobetzen laguntzen du, baita idazkera, ahozkotasuna eta ortografia ere. Gainera, ikasleak gai dira informazioa modu autonomoan bilatzeko eta ulertzeko, ikasketa prozesu osoan lagungarri izango zaiena.
Etxean irakurtzeak beste abantaila bat ere badu: familia giroan egiten bada, haurrek irakurketarekin lotura positiboa sortzen dute. Gurasoekin edo neba-arrebarekin partekatutako une atseginak irakurtzeko motibazioa areagotzen dute.
Horregatik, derrigorrezkoa da egunean gutxienez 10-15 minutuko irakurketa tartea izatea. Ez da beharrezkoa beti testu luzeak izatea; ipuinak, komikiak edo aldizkariak irakurri daitezke, betiere ikaslearen interesetara eta adinera egokituta.