EuskarAbentura hasi da eta Lauroko 8 ikasle partaide dira2

120 gazteen artean, 8 ikasle, Lauro Ikastolako DBH 4. eta Batxilerreko 1. mailako ikasleak badira Euskarabentura espedizioan. 

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitarte, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez. 

Done Jakue bide ezberdinei jarraituz, Euskal Herria luze-zabal zeharkatuko dute, Maulen hasi eta Getxo helmuga hartuta. Hiriburu guztiak ez ezik, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte; bai eta basoak, hondartzak, museoak, gari-soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu nahiz eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak, baserriak…

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak; eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezaten.

Horrenbestez, honakoak dira proiektuaren helburu garrantzitsuenak:

  • Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea.
  • Gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea.
  • Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.

Ikastolako Euskara mintegitik Lauro ikasleak parte hartzera bultzatu ditugu, partaide izateko aurkeztu beharreko lanak egin ditzaten eta bizi-esperientzian sakonduz, eurak motibatuz. Den-denek hautaketa prozesu bat gainditu ostean lortu dute jzioquitar (espedizio kideek jasotzen duten izena) izatea. Lan bat eta motibazio gutun bat igorri dituzte ezarritako epearen barruan, eta Eusko Ikaskuntza nahiz PuntuEUS Fundazioa arduratu dira, epaimahai gisa, lan horiek baloratu eta galbahea egiteaz, beti ere originaltasun, estilo, teknika eta kalitate irizpidetan oinarrituta, besteak beste. Lauroko ikasle hauek dira: Amaia Axpe, Eider Prieto, Iker Mendo, Paula Santos, Uxue Esparta, Ane Aurre, Nerea Larrazabal eta Ainhize Zurinaga.

Gure gazteen egunerokoa bertatik bertara jarraitu nahi baduzue, app osatua daukazue hemen informazio guztiarekin.

Ekimen hau prentsan:

BERRIA

EiTB

ZuZeu

EL CORREO

 


www.lauroikastola.eus webguneak cookiak erabiltzen ditu Erabiltzailea Atariko web gune eta orrietan dabilenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu DBLO atala.