Ikastolako KORRIKA txikia!!!
Gaur, osteguna, Korrika txikia egin dugu. Ikastolako ikasle, irakasle eta langileok euskararen aldeko lasterketa egin dugu Lauroko petoak jantzita. Lehen Hezkuntzako patioan bilduta etapa guztietako ikasleek mezua irakurri dute eta musikaz eta bertsoz zipriztinduta Eskola kiroleko ikasleei arratsaldeko Bilboko kilometrorako petoa eman diegu.
Aurtengo Korrikak euskerari bultzada emateaz gain, Ikastola osoan proiektu bertikala egiteko aukera eman digu. Hauek dira adibideetako batzuk:
Haur Hezkuntza
Txikiak zirko munduan murgildu dira, zirkorrika abestiaren erritmoan benetako zirko batean sentitu dira, kariokak egin dituzte eta benetako ekilibrista eta ilusionista sentitu dira.
Lehen Hezkuntza
Erabateko proiektua garatu da ikasgai guztietan: euskara, giza-zientzietan, matematikan, ingelesean, natur-zientzietan, plastikan, musikan eta heziketa fisikoan. Euskal Herriko ahotsen entzumen-ulermenak egin dira, korrikaren ibilbidea aztertuta geografia aztertu da googlemaps erabiliz, magnitudeak eta distantziak, munduko hizkuntzak eta euskara alderatu, korrika egitean gure gorputzaren beharrak aztertu, beroketak nola egin, …
DBH
Maila guztietan Korrikari buruzko informazioa hedatu da euskararen lau aurpegiak dokumentala ikusiz eta erabilera bultzatzeko hainbat ekintza garatu dira: erabileraz hausnarketa egiteko hormairudiak, petoekin batera gozoki banaketa, korrika txikiaren antolaketan parte hartu, Eskola-kiroleko bideoklipa egin…
BATXILER
Batxilergoko ikasle batzordeak irten armairutik korrika baten dinamika antolatu du. Aste betez 84 ikaslek ikastolan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu dute eta ostiralean bertso-afaria antolatu dute Bilbon.
Argazki gehiago jarri ditugu “Argazki Galerietan – Ospakizunak”.