KORRIKA eta Eskola Kirola
Martxoaren 30etik apirilaren 9ra KORRIKAk 20. edizioa beteko du eta Lauro Ikastolak parte hartuko du. KORRIKA Lauro Ikastolako eragile guztiok bi urterik behin elkarrekin egiten dugun ekintza bateratua da, euskararen aldeko mezua eta konpromisoa berresteko.
Apirilaren 6an, ostegunean, eguerdian, Korrika txikia ospatuko dugu ikastolan zehar 11:00etatik 12.00etara ikasle, irakasle eta langile guztiak batuko gara Lauro Ikastolan zehar Korrika egiteko. Eskola eremuan etapa guztietan ere hainbat ekintza egiten ari dira, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. Ikastolan egindako petoak jantzita, Batxilergoko ikasleek hasiera emango diote eta lekukoa, etapaz etapa igaroko da, denok Lehen Hezkuntzako patioan bilduz. Bertan, euskararekin dugun konpromisoa eta euskarak ematen digun zirrara partekatuko dugu, ikasleek idatzitako mezua irakurriz.
Arratsaldez, KORRIKAn kilometroa egingo dugu Bilboko kaleetan. Km zenbakia: 1.798.
Kilometroa egiteko, ikastolan egindako petoa edo Lauroko kamiseta gorria eraman dezakezue. Laster, zehaztsun gehiago emango dizuegu.
Lekukoa: ESKOLA KIROLA
KORRIKA ETA ESKOLA-KIROLA
Badira urte batzuk, KORRIKA egitearekin batera Ikastolan euskararen aldeko lana egiten duenari gorazarre egin nahi diogula. Orain dela bi urte, ingelesezko irakasle natiboei omenaldia egin genien euskara ikasteko egindako ahaleginagatik. KORRIKA edizio honetan Lauro Ikastolak Eskola-Kirola omendu nahi du. Eskola kirolean parte hartzen duten guztiei omenaldia egin nahi diegu, kirol esparrura ere euskararen erabilera hedatzeagatik.
Plan honetan sustatu nahi ditugun baloreen artean 8 eta 17 urte bitarteko ume eta gazteen euskararen erabilera muin informalagoetan sustatzea eta normalizatzea egiteko nagusia da. Horretarako, bost ardatz garrantzitsu lantzen dira: sentsibilizazioa, formakuntza, esku hartzea, jarraipena eta errekonozimendua. Arlo bakoitzean, hainbat neurri hartu izan dira:
- Begirale guztiak euskaldunak izatea.
- Ikasturtero 8 eta 4 orduko begirale ikastaro, prestakuntza saio eman, begirale guztiei baliabideak eta estrategiak emate aldera.
- Helburu lorgarriak definitu. Begirale eta ikasleen arteko interakzioak eta ikasleen artekoak.
- Begiraleekin batera jarraipena egin, bertatik bertara eta ebaluazio txostenean oharren bidez taldean laguntzeko eta gurasoei informazioa bidaltzeko.
- Talde batzuetan Eusle metodologia erabili ikasleen arteko erabilera sustatzeko.
- Ahal denean, errekonozimendua eman eta plana eragile guztiei zabaldu.
Kirolak pertsonen arteko harremanak sendotzen ditu eta hizkuntza erabiliz baino ez da menperatzen. Horregatik, begiz jota dugun arloan aspaldi hasi ginen sentsibilizazioan eta formakuntzan. Azken urte hauetan esku hartzea hedatu eta jarraipena egiten ari gara. Eskola kirola une honetan ikastolako euskara planaren lehentasuna da.
Eskola kirolean neurriak hartu dira, egitura indartsua dago eta bihotzez ari gara. Gure ikasleei euskaraz bizitzeko esparruak ziurtatu nahi dizkiegu. Hau horrela ez litzateke izango begirale, ikasle eta gurasoen laguntzarik gabe. Guztion artean euskerari arnasa eman behar diogu kirolean. Beraz, KORRIKA, guztion ondare kulturala bihurtu den ekimena aprobetxatuz, Eskola kirolak merezi duen errekonozimendua izateko unea heldu dela uste dugu eta Bilboko kilometroan Eskola kiroleko hainbat eragilek eramango dute lekukoa.
Gure ikasleei mezu bera ere plazaratzea nahi genuke, erabileran indarra ipiniz eta euskaraz bizitzera animatuz, DBHko Kalakari taldeko ikasleek Nerea Zuloagak, Haur Hezkuntzako andereñoak sortutako abestiaren erritmoan egin duten bideoklipan bezalaxe, arnasa eman euskerari kirolean lelopean.