PISA, Diagnostiko, DBH 4 amaiera: ibilbide bikainaren berrespena
Hiru hilabete honetan ISEI-IVEI erakunde autonomoak 2018an burutu zituen LH4ko diagnostiko frogen emaitzak, eta PISA frogaren eta DBH4ko etapa bukaerako frogen emaitzak jaso ditugu. Datu hauek, Ikastolaren proiektuaren arrakasta neurtzeko baliogarriak zaizkigu, Lauroko ibilbidean ohikoak direnak beste froga objektibo batzuekin batera, eta gure hobe-lerroak definitzen laguntzen digute.
ISEI-IVEI froga hauen kasuan, erakundeak Ikastolako ikasleen ISEK maila aztertzen du alderaketa egokiak egiteko, hau da, euren maila kulturala eta sozioekonomikoa (gurasoen prestakuntza, familiaren liburu eta IKT tresnen kopurua, beste batzuen artean). Honi dagokionez, Lauro Ikastola ISEK maila gorenean kokatuta dago.
LH4ko diagnostikoetan gure ikasleen Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika, Zientziak eta Ikasten ikasteko gaitasunak neurtu ziren. Arlo hauek guztietan, alderatu gaituzten talde guztien gainetik kokatu gara. Hau da: Euskadiko A, B eta D ereduko ikastetxeen gainetik, gure antzeko ISEKa duten ikastetxeen gainetik, eta gure ISEK-arekiko espero ziren emaitzen gainetik ere.
PISA eta DBH4 etapa bukaerako emaitzen kasuan, Matematika, Zientziak eta Irakurmeneko neurketak egin dira. Irakurmenaren kasuan, ELGAk (OCDEk) erabaki du herrialdeetako irakurmeneko emaitzak ez aurkeztea zalantza jakin batzuk izan baitira ikasleen erantzuteko moduan. Beste arloei dagokienez:
- Matematikak: gure emaitzak ELGA (OCDE), Euskadi eta gure antzeko ISEK duten ikastetxeen gainetik egon dira, eta Laurok Euskadiko D ereduko ikastetxeen artean Matematikako emaitzarik altuenak lortu ditu.
- Zientziak: gure emaitzak ELGA (OCDE), Euskadi eta gure antzeko ISEK duten ikastetxeen gainetik egon dira ere, eta Laurok Euskadiko D ereduko ikastetxeen artean Zientzietako emaitzarik altuenak lortu ditu ere.
Bi arlo horietan Lauroren emaitzen gainetik egon diren ELGA (OCDE)ko herrialde bakarrak Txina eta Singapur izan dira.
DBH4 etapa bukaerako frogan Matematika eta Zientzien emaitzak jaso ditugu, eta lortutako emaitzek goian esandakoa berresten dute.
Emaitza hauek eta gainontzeko froga objektiboenek gure ibilbide bikaina berresten dute, Lauro Ikastola osatzen dugun guztion ahalegin koordinatuei esker, ikasleak, profesionalak eta familiak, urtero Ikastolako proiektuan gauzatzen diren hobelerro eta berrikuntzen eragin positiboa azalaraziz, denok elkarlanean jarraituko dugun ibilbidea, hain zuzen.