Udaletxe bateko antolaketa eta funtzionamendua mintzagai DBH 3ko Gizarte eskoletan

Aurten ere, eta DBHko Gizarte Zientzien Mintegiak luzatutako gonbidapenari erantzunez, Txorierriko udaletxe desberdinetako karguak izan ditugu DBH3ko taldeekin solasean. Bisita honek, Geografia arloan ikasleak lantzen egon diren edukiak borobiltzeko asmoa du. Lehenengo ebaluazioan jorratutako politika arloko heziketa oinarrizkoa jaso, erakunde nagusiak aztertu eta udal etxe baten osaketa eta funtzionamendua gertuagotik ezagutzea izan dira lanaren helburu nagusiak.

Horretarako, Zamudioko alkatea (Igotz López ikasle ohia eta gurasoa), Larrabetzuko alkatea eta oposizioko burua (Iñigo Gaztelu eta Miguel Angel Gaztelu), Lezamako alkatea eta zinegotzi bat (Jon Ander Aurrekoetxea eta Ikerne Zuloaga), Loiuko alkateordea (Joseba Aresti) eta Derioko alkate eta ikasle-ohia (Esther Apraiz) gerturatu dira. 

Ordubeteko hitzaldietan, udaletxe baten antolaketa eta funtzionamendua sakonki jorratu dute ikasleek eta kargu desberdinen egunerokotasuna eta ardurak aztertu dituzte. Saioen bukaeran, hizlariei galdera mamitsuak zuzendu dizkiete. Ororen gainetik, udal politikaren gazi-gozoak eta nerabeak etorkizun hurbil batean edukiko duten eskubide/ardura eta parte-hartzearen garrantziaz mintzatu dira, eta Txorierri eskualdeko herriak hobeto ezagutzeko parada izan dute DBH3ko ikasleek.

Aurten ere, hizlari fin eta eskuzabalak izan dira, hitzaldi eta azalpen bikainak eta gertukoak emonez! Mila esker!


www.lauroikastola.eus webguneak cookiak erabiltzen ditu Erabiltzailea Atariko web gune eta orrietan dabilenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu DBLO atala.